Passer au contenu

Urruñan, Ramuntxo Ibarburu laborariaren etxaldean

À retrouver dans l'émission
- Mis à jour le
Par

Luzaz komertziala izan eta, 2016an, Ramuntxo Ibarburu laborari instalatu da Urruñan : amesten zuen ofizioan lan egiten du, Kintoa xerriak eta Manex ardiak hazten ditu

Ramuntxo Ibarburu Urruñan laboraraia da : Manex buru beltz eta buru gorria ardiak eta Kintoa xerriak hazten ditu
Ramuntxo Ibarburu Urruñan laboraraia da : Manex buru beltz eta buru gorria ardiak eta Kintoa xerriak hazten ditu © Radio France - Xexili Foix

Urruñan sortua, Ramuntxo Ibarburuk lan desberdinak egin zituen, laborantxan sartu aintzin.
2016an, familiaren etxe bat arraberritu zuen, etxeko lurrak, 10 hektara, baliatzen ditu, eta beste 20 hektara alokatzen ditu.

Sormarkekin aritzen da, Kintoa Xerria, eta Ossau Irati gasna.
Kintoa xerriak mendiko 3 parketan gizentzen ditu, eta 250 ardi ditu, buru beltz eta buru gorriak.
Aurten, lehen aldikotz, gasnatzen hasi da, lehen gasnak Maiatzan onduak izanen dira, jateko prest.

Instalazioa, lagunen sustenguarekin

Ramuntxo Ibarburuk obra ainitz egin ditu, lagunekin baterat : bordak konpondu, arditegia sortu, parkeak antolatu dituzte.
Gasnategia montatzeko, okasionezko materiala erretreta hartzen zuen laborari bati erosi dio.

Urruñan Mendiari GAECako arditegia, Ramuntxo Ibarbururen etxaldean
Urruñan Mendiari GAECako arditegia, Ramuntxo Ibarbururen etxaldean © Radio France - Xexili Foix

Kintoa xerria, hazteko errexa

Kintoa sormarka aski berria da.
Hemengo laborariek lan handia egin dute, xerri horren berezitasunak ezagutarazteko.
Horrela, 2017an, Kintoa haragi freskoak sormarka izan zuen, eta 2019an, Kintoa xingarrak.

Kintoa xerria kasik galdu zen, eta azken 45 urte hauetan, laborari batzuek lortu dute arraza salbatzea.
Kintoa xerriak burua eta ipurdia beltzak ditu, belarriek begiak tapatzen dizkiote.

Kintoa Xerriak, Urruñan, Ramuntxo Ibarbururen etxaldean : xerriek burua eta ipurdia beltzak dituzte, eta belarriek begiak estaltzen dizkiete
Kintoa Xerriak, Urruñan, Ramuntxo Ibarbururen etxaldean : xerriek burua eta ipurdia beltzak dituzte, eta belarriek begiak estaltzen dizkiete © Radio France - Xexili Foix

Ramuntxok xerriak 2 hektarako parkeetan, mendialdean, Galbarioan, atxikitzen ditu : estalgia dute, eta lekuan atxemaiten dituzten xixari, sustraiak eta belarra jaten dituzte, baita zerealak ere.
Ramuntxok xerri umeak sortzailen baten etxaldetik hartzen ditu, eta urte batez hazten ditu, eta ederrenak, bi urtez.

Kintoa xerrian, dena jaten da

Aski gizendua direlarik, Kintoa xerriak sormarkak finkatu duen Donibane Garaziko abere hiltegirat eramaiten ditu.
Hortik, xingar freskoak Aldudeko xingartegirat eramaiten ditu, gazituak dira, eta idortzen uzten ditu, 16-18 hilabetez.

Ramuntxo Ibarburuk Kintoa xingarrak zuzenki, etxaldean, Urruñan, saltzen ditu
Ramuntxo Ibarburuk Kintoa xingarrak zuzenki, etxaldean, Urruñan, saltzen ditu © Radio France - Xexili Foix

Gelditzen den karkasa Senperen den atelier kolektibo batetarat eramaiten ditu : bertan pateak, muturkiak, odolkiak, eta haragia urinetan prestatzen ditu.

Kalitatea eta salmenta zuzena

Ramuntxo Ibarburu Idoki elkarteko kidea da : tokiko kabalekin lan egiten du, eta mozkinak zuzenki saltzen ditu.
Kalitatearen parioa eginez, bazekien mozkinak ongi eta errexki salduko zituela, eta 8 urte hauetan, bezero sare bat osatu du.

Gapelu Xahar Batia etxaldean, Ramuntxo Ibarburuk denda bat antolatu du, bezeroak zuzenki errezebitzeko
Gapelu Xahar Batia etxaldean, Ramuntxo Ibarburuk denda bat antolatu du, bezeroak zuzenki errezebitzeko © Radio France - Xexili Foix

Ramuntxoren xerrikiak Larrunkoop dendetan salgai dira, Urruña, Ziburu eta Hendaian, baita Arruntzakoopen ere, Uztaritzen.
Ramuntxo merkatuetan atxemanen duzue, aste guziz, Urruñan (larunbatetan) eta Ziburun (igandetan).

Bestalde, etxaldetik zuzenki pasatzen ahal da (hobe aintzinetik deitzea) :

  • Gapelu Xahar Baita, Biriatuko bidea, 2785 - Urruña
  • 06 87 88 44 93
  • mendiari@sfr.fr
loading

Épisodes

Tous les épisodes

56 min

Les plus écoutés de France Bleu Pays Basque

1
2
3

undefined