Passer au contenu

"Saran Astia", pista jokoa Sarako karriketan

À retrouver dans l'émission
- Mis à jour le
Par

Haur eta gazteak deskonektatzeko eta Sarako herriaren kultura, historia eta ondarea ezagutarazteko, Olhain ikastolako hiru burasoek Saran Astia pista jokoa sortu dute : handi eta ttipieri zuzendua da, hemengo eta kanpoko jendeeri

Joanes Garcia eta Olhain ikastolako beste bi burasoek "Saran Astia" pista jokoa asmatu eta sortu dute, herriko ondare eta historia ezagutarazteko
Joanes Garcia eta Olhain ikastolako beste bi burasoek "Saran Astia" pista jokoa asmatu eta sortu dute, herriko ondare eta historia ezagutarazteko © Radio France - Xexili Foix

Sarako Olhain ikastolan, 110 bat eskolatuak dira.
Buraso batzuek Saran Astia pista jokoa sortu dute, aktibitate ludikoa herrian proposatzeko, eta diru sartze bat ikastolarentzat segurtatzeko.
"Saran Astia" aspaldiko erranzaharra da, eta izen egokia iduritu zaie, pista jokoarendako, "denbora hartzea" gomitatzen baigaitu.

Jostatuz, Sarako herriaren historia ezagutu

2 urtez, Joanes Garcia, Benoit Cabanel eta Aña Dutournier ikastolako burasoek pista jokoa prestatu dute.
Joko hontan, "hari gorri" gisa, erbesteratua den aitatxi baten gutuna hautatu dute : Gernikarra sortzez, bonbardaketaren ondotik Sararat etorri, bertako andere batekin ezkondu zen, eta Ameriketarat joan eta, gutun bat idatzi zien bilobei. Gutun hontan, Sarako altxorra atzeman dezaten galdegiten die.
Historia horren inguruan pista jokoa garatu dute.

Saran Astia jokoak karrika eta auzo desberdinetarat eramanen zaituzte.
12 etapa badira, indizeak atxeman behar dira, enigmak konpondu behar dira, eta informazioak bildu, hurrengo etaparat joaiteko.

Jokoaren bidez, 20.garren mendeko historia eta herriaren bizia hobeki ezagutzen ahal dira.
Gernika, Eresoinka taldea, sorgin ehiza, Ameriketarako imigrazioa eta beste gaiak jokoaren bidez aipatzen dira.

Saran Astia, denentzat !

Pista jokoa egiteko, 10 euro balio duen gutunazal bat eskuratu behar da, Sarako Turismo Bulegoan.
Barnean, karta bat, argibideak dituen liburuxka bat eta aitatxiren gutuna badira.
Informazio guztiak irakurri eta, jokoa hasten da !
2 oren eta erdiko ibilibidea da, bainan denbora gehiago pasa daiteke, bidean piknika egiteko adibidez.
Jokoaren bukaeran, telefono mugikor bat behar da, QR kodigo bat eskanatzeko.

Saran Astia pista jokoa euskaraz asmatua izan da, bainan kanpoko jendeak ere hunkitzeko, beste hiru bertsione sortu dituzte, frantsesez, gazteleraz eta inglesez.

Xehetasun gehiago : SARAN ASTIA

Épisodes

Tous les épisodes

Les plus écoutés de France Bleu Pays Basque

1
2
3

undefined